ETS (En Tol Sarmiento), 2005ean Iekoran (Arabako Errioxa) jaioa, euskarazko talde garrantzitsuenetako bat bihurtu da, eta musika eta kultura fenomeno bat Euskal Herrian eta haratago. Doinu itsaskorrekin eta energiaz betetako letra hurbilekin, ETSk etengabe hazten ari den hainbat belaunaldietako publikoarekin konektatzea lortu du.
Estudioko sei disko, zuzeneko bi album eta hilean 400.000 entzule baino gehiago ditu plataforma digitaletan, 150 milioi erreprodukzio baino gehiago pilatuz. Gaur egun, ETS sare sozialetan eragin handiena duen euskarazko musika-proiektua da, bai eta zuzenean ikusleen artean arrakasta handiena duenetakoa.
Iñigo Etxezarreta, Rubén Campinún eta Floren Nuela musikariek sortua, taldeak punk-rocketik ska-rockera egin zuen jauzia Bujo (tronpeta, 2007), Javier Lucas (tronboia, 2009) eta Rubén Terreros (tronpeta, 2011) batu zirenean. Vendimia Seleccionada (2008) autoproduzitu ondoren, ETSk jauzi profesionala eman zuen Hacia La Luna (2012) lanarekin, Baga-Bigaren eskutik. Ondoren, Zure Mundua (2014) eta Beldurrik Ez (2015) etorri ziren, Durangoko Azokan eta Euskal Herriko agertoki nagusietan bere presentzia sendotuz.
Ametsetan (2017), Gasteizen 10.000 pertsonen aurrean grabatutako zuzeneko albuma, ETSk bere lehen etapa itxi zuen eta norabide artistiko berri bat iragarri zuen, Aukera Berriak (2019) diskoan gauzatu zena, Pello Reparazek ekoitzia. Disko hau inflexio-puntutzat hartzen da bere kalitate eta heldutasunagatik.
Pandemiaren ondoren, taldea Guretzat (2022) pop-diskarekin itzuli zen, Genis Tranik ekoitzia, herri kulturari egindako omenaldi bat eta bere bilakaera estilistikoaren adierazgarri. Urte berean, Alex Alonso batu zen bateriara, taldearen egungo formazioa osatuz.
2025ean, ETSk bere 20. urteurrena ospatu zuen hiru kontzertu historikorekin Barakaldoko BECen, 45.000 pertsona bilduz. Emanaldiak 340.000 ikusle izan zituen pantailen atzean EITBk eskainitako streming-ari esker. Urte berean, 20 Urte Zure Eskutik zuzeneko albuma kaleratu zuten.
2025. urtearen amaieran, ETSk KONKISTA aurkeztu zuen, bere zortzigarren albuma eta ibilbideko proiekturik pertsonal eta abangoardistena. Kontraste emozionalez beteriko lana, barruko kaosetik sortua eta konkista pertsonalera bideratua. Nabález eta Fernando Boix ekoizleekin batera garatua, estilo garaikideak uztartzen ditu eta taldearen sormen heldutasuna sendotzen du. ETSk KONKISTA Madrilgo Movistar Arenan eta Bartzelonako Palau Sant Jordin aurkeztuko du, errepikaezinak izango diren bi emanaldi berezietan.
Gaur egun, ETS ez da bere musikagatik bakarrik nabarmentzen: taldearen kontzertuak bizitzaren ospakizunak dira eta belaunaldien arteko zubiak. Hezkuntzaren, balio positiboen, inspirazioaren eta konpromiso soziolinguistikoaren erreferente dira. Hasieran gaztelaniaz abestetik euskarazko musikan profesionaltasunaren ikur izatera, ETSk erakutsi du nortasunak ez duela mugarik eta aniztasuna indarra dela.